XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asteazken hartan amaitzen zen bahitzaileek atsoari alde egiteko emandako epea eta horregatik gau hartan guztiz arduraturik oheratu zen berau.

Ostegunean, ordu bietan puntu-puntuan, hirugarren pisuko estudianteek balkoi handian bazkari oparoa egiten zuten bitartean, garraio-etxe bateko furgoneta banatzailea gelditu zen jauregiaren aurrean.

Txoferrak pakete bat hartu eta txirrina jo zuen.

Atsoa bera joan zen atea irekitzera.

- Doña Eugenia Lopez de Sosoaga?

- Bai, neu naiz.

- Sinatu hemen, mesedez.

Eta paketea emanda, txoferra berriro furgonetan sartu eta alde egin zuen.

Paketea zinta gorri batek ixten zuen, begizta baten bidez.

Atsoak korapiloa askatu, estalkia kendu, barrura begiratu eta atoan lurrera jausi zen, hankaz gora.

- Zuek uste duzue atsoak Seven filmea ikusita zeukala? galdetu zuen Koldok ogi zati bat platereko saltsatan bustitzeaz batera.

- Ez dut uste gustatuko zitzaionik erantzun zion Txabik, neskamea etxetik oihuka ateratzen zen bitartean; eta orain jan, mutilak, jan; albondiga bat bera ere ez dadila geratu kazolan.

Arratsalde eta gau hartan kotxe dotore mordoa geratu zen jauregiaren aurrean, euretariko bat oso luze eta beltza.

Alde guztietatik etorritako jende errenkada luzea pasatu zen etxetik eta batzuek gau osoa eman zuten esna eta txutxumutxuka lehen solairuko areto nagusian.

Horregatik, hirugarren pisuko estudianteak zaratarik egin gabe sartu ziren etxean goizeko ordu txikietan kaletik bueltatu zirenean.